Beñat Hach Embarek: «Gure kontrako akusazioa muntaia polizial bat da»
Loiolako herri harresian izandako gertakarien harira Beñat Hach Embarek ormaiztegiarra eta Esteban Orbegozo azpeitiarra epaituko dituzte Donostiako Lurralde Auzitegian, datorren astetik aurrera. Ertzaintzak biak atxilotu zituen 2014ko urtarrilaren 22an, desobedientzia leporatuta. Orain, akusazio partikularrak 21.292 euroko kalte ordaina eta hiruna urteko kartzela zigorra eskatu du bientzat, autoritatearen aurkako atentatua ere leporatuta. Fiskaltzak berriz, 8 hilabeteko zigorra eskatu du, desobedientzia eta erresistentzia delituengatik. Hilaren 26an hasiko da epaiketa.
Epaiketa horren aurka egin eta bi auzipetuei babesa eskaintzeko agerraldia egin dute gaur Loiolan, gertakariak izan ziren toki berean. Hach Embarek eta Orbegozorekin batera, Eleak eta Libre mugimenduak, Azpeitiako udal gobernuko kideak eta hainbat herritar bildu dira bertan. Atxiloketak egiterakoan, ertzainek “bortizki” jokatu zutela azaldu dute, eta ordura arte beraiek ez zutela ertzainekin “kontaktu fisikorik” izan.
Loiolakoa «erresistentzia baketsua» izan zela gogorarazi du Beñat Hach Embarek ormaiztegiarrak eta Ertzaintzak jendea «bortizki» atera zuela herri harresitik. «Harresian ziren beste lagun guztiak bezala, besoekin gure alboetan genituenei eustera mugatu ginen gu».
Akusazioaren eskaerak ikusita «kartzelara joateko arriskua» dutela azaldu du Hach Embarekek, eta horren atzetik dagoen «muntaia poliziala» salatu du. «Eskerrak dena grabatuta dagoen eta frogak ditugun, bestela gure hitza beraienaren aurka izango litzateke».
Horrelako egoerek «barrua nahastu» egiten badute ere, «lasai» daudela dio. «Egon behar genuen lekuan geunden, eskubide zibil eta politikoen urraketa bat salatzeko, eta orain ere, gure eskubide zibil eta politikoak defendatzera joango gara».
Protestak deitu dituzte
Epaiketa salatzeko eta «eskubide zibil eta politikoen defentsan», hainbat protesta deitu dituzte datorren asterako. Asteartean, elkarretaratzea egingo dute Ormaiztegin, 19:00etan. Ostegunean berriz, Donostiako epaitegiaren aurrean bilduko dira, 11:00etan, epaiketa saioa hasi aurretik.
- Gaiarekin lotuta: Herri harresitik konponbidera (2014-09-24)